Pasazaiteri buruz

Argazkia: CC BY-SA · Elósegui Irazusta, Jesús (Aranzadi) · Gure Gipuzkoa

Bi urtez amets bat baizik ez zen izan argitaletxe hau, amets bat eta Donostiako tabernaren bateko paperezko zapietan zirriborratutako zenbaki batzuk. 2011 bukaera aldera, tabernako zerbitzariak aurpegi iluna jartzen hasi zitzaigunean, proiektuak aurrera egin behar zuela erabaki genuen eta, ezin baitzuen bestela izan, taberna bateko terrazan sortu zen Pasazaite liburuak izena ere.

Gure liburuak inportatuak dira, mendietan zehar datozkigu artzainen baten bizkar-zorroan, itsasoz arrantzontziren baten sotoan, autobidez bidesarien ordaintokiak hozkailu-barruan sarturik igarota. Gure mugako kabinan jasotzen ditugu, eta handik igortzen dizkizuegu zuei.

Hiru habe ditu gure etxolak:

1/ Euskara

Liburuak, hainbat hizkuntzatan etorri baina Pasazaiten denak euskarara itzuliak; konpromiso argia baitugu euskararekin eta euskal irakurlearekin.

2/ Itzultzailea

Pasazaiteko liburuetan itzultzailea ez baita kredituetan agertzen den izen bat soilik, merezi duen garrantzia eman nahi baitiogu, leku berezi bat eman nahi baitiogu gure web orrian eta presentzia eraginkorra Pasazaiteren jardueretan.

3/ Kalitate oneko literatura

Liburu gustagarriak, ezustean harrapatuko gaituzten eta zirrara eragingo diguten liburuak. Atzerriko literatura garaikidea, nazioartean entzute handia ez duten baina beren herrialdeetan, jatorrizko hizkuntzan, kritikaren eta irakurleen onespena irabazten jakin duten idazleen lanak argitaratzen zentratu nahi dugu.